XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orhi

Manexek ez dugu aski ezagutzen Xuberoa, Eskual-Herriko mendigain miresgarria.

Xuberotarrak herabe daude lapurdi-Baxenabarreri buruz, alegia-eta kanpotiarrak, alegia-eta ez Eskual-Herriko seme, Eskualdun guzien haurrideak Ara berriek nahi dute hiritarrak abia diten, haia-haia, basherritarrek utzi aspaldiko bidexkaz-bidexka, mendien kaskoraino.

Ara hori baino gaixtoagorik baditaike oraiko ohidura berrietan.

Dena den iragan gira bortz beribiltara, Baionako egoiliarretarik, beharrez igan Orhiko mendi 2.017 metrako adar puntaren puntarat, igandekari.

Bideak berak balio du, ez guti.

Ibili gira Uztaritze, Kanbo, Itsasu, Luhuso, Heletan gaindi, Saint Pierre apez nagusiak zion bezala, Baigurako mazelak uda azkenak urrez estaltzearekin, iratze hostailak ez duela nihungo eremu xoragarrieri, den gutieneko zorrik.

Irisarri, Suhuskune, Donibane Zahar, Mendibetik sartu gira Iratiko oihanerat.

Aise da.

Bide ederra dabila itzul eta mitzul, zaldarestatu mandoa bezain erne, mendiaren apal guneak, ezin hobeki ezagunki.

Badira asko hegal buluzi, arbole landaren beha daudenak, ferdailtzeko, bai-eta-ere, hegoak buhatzearekin, kantuz hasteko artzain kantarieneri nagusi.

Utz dezagun bazterrerat, egiteko den lana.

Egitekoaren ondoan badago, tente, egina.

Bideak, zirrizt-zarrazt, idekitzen du erdi-erditik Iratiko oihana.

Beti kexu diren batzuek nahiago lukete oihana egon dadin debalde eta larre, ukan zezaten, oso-osoa, beren urrats baliosen ibilgailu.

Ez da eskas toki, nun nor bakar-bakarrik iragan, hedoi zuhailak lagun.

Zaina dena gorputzari, bidea dago mendiari; bidetik artzainak, bidetik ihiztariak, bidetik lana, bidetik irria, bidetik bizia!

Holako bide baitezpadakoak, holako patar gaixtoetan ideki dituzten gizoneri, ene eskualdun goresmen beroenak, bihotzetik!

Badira Iratiko hegian bizitegi eta ostatuak... hobe eta hobe!...

Burdin bidexka lepotik jausten da, edo lerratzen, Larrañeko herriaren zangoetaraino, behar baita iragan herriaren bihotzeraino, heltzeko herriaren kaskotik goiti, Orhiko mendiaren belaunetaraino.

Nolakoa den Larrañe herria ongi hartzeko, behar zaiote behatu, mailka-mailka, ohantzea harrokari bezala, bainan ohantze nasai, zabal hautak dauden, mendiari lotu laborari etxeri.

Ene lagunak abiatu zaizta, pottokak iduri, mendiari buruz, xut-xuta, taka-taka.

Nahiz gazte batek ereman zautan, lau lorietan, bien zakua, baditut zonbait has-behera emanik, ezin gainerat helduz: 66 urte alabainan ukanki, bizkar-gainean zapagailu.

Eta hiru hogoiez goiti urteak haztadun.

Ihiztari batzu ari ziren ziloak ezin eginez, urtxoen aiduru.

Bainan etzen nihun ageri urtxo hegalik ere.

Mokor ditugu ihiztariak.

Lurra pagatua dute; zuzenkontra gabiltza gu iragaileak.

Batek dauta bakarrik egin begitarte goxo.

Goresmenak egin diozkat, bere xakurraz, hain baitzen pollita.

Xakurra gizonen ararteko!

Jan dugu kaskoan, gosea jatekoaren biper eta gatz.

Eskual-Herria ageri zen urrun, itsasoan uhainak baino gorago egonki, mendi zorrotzen harrokak.

Igaiteak bezala, lana emaiten du jausteak, zangoa harriskolak parrapataka eror diten beldurti.

Larrañetik behatu-eta Orhi dago luze-luzea, iguzki argiari zor zaion zilarrezko jasangailu.

SO EGILEA.